2012ko urtarrilaren 24an egin zuten mendi taldearen aurkezpen batzarra, eta ordutik 60 lagunek egin dute bazkidetza. Pozik daude iaz antolatutako irteeretan parte hartu duen jende kopuruarekin —batez ere azken irteeretan—, eta nabarmendu dute belaunaldi eta joera ezberdinetako herritarrak batera ibili izana.
Helburu nagusia mendizaletasuna bultzatzea da. Hala, Kantsatzekek antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko ez da beharrezkoa bazkide izatea. "Kostua ez da handia izaten, 5-10 euroren bueltan ibiltzen gara, eta bidaia gastuak ordaintzeko da. Zerbait sobratzen bada, tragoren bat hartzen dugu, eta ez bada sobratzen... ere bai", azaldu dute. "Kantsatzekek ekarri duen aldaketa handiena da elkarte batetik herrira egin dugula salto, eta elkarte ofizial bat garela, ez lagun talde bat besterik gabe".
Postontzia Azkonabietan
Orain arte moduan jarraitzea, eta mendi taldearekiko atxikimendua sendotzea izango dira 2013ko erronkak. Hala, irteerak antolatzen jarraituko dute —hurrengoa hilaren 23an Oñatira—, eta berritasunen artean Facebook kontua, eta umeendako ekintzak aipatu dituzte, beste batzuen artean.
Martxoaren 23an, esaterako, postontzi berria ipiniko dute Azkonabietan Soraluzeko eta Eibarko taldeekin elkarlanean. "Umeei zuzendutako ekintza izango da, eta 150-200 ume inguru izatea espero dugu. Herriko beste elkarte batzuekin —gaztetxea eta guraso elkartea— harremanetan gaude hori guztia ondo antolatzeko". Bazkari-afariak, egun batzuetako irteera... gauza asko egin daitezkeela uste dute Kantsatzeken. "Talde irekia izan nahi dugu, eta norbait prest baldin badago zerbait antolatzeko, laguntzen saiatuko gara", adierazi dute.