Abenduaren 15ean indarrean sartu zen Eusko Jaurlaritzaren dekretu batek ezartzen du 50 urtetik gorako eraikinek Eraikinen Azterketa Teknikoa —espainolez ITE— pasa beharko dutela, eta arauak epe zehatzak ipintzen ditu betebehar horrekin kunplitzeko. Aurten bertan, 1901ekoak baino zaharragoak diren etxebizitzek egin beharko dute azterketa hori; datorren urtean 1940ra artekoek; 2015ean, 1965era artekoek; eta ordukoak baino berriagoek, dagokien urtean.
Elgetako Udalak gogoratu du eraikin-jabeen ardura dela azterketa teknikoa pasatzea. Eraikina noiz eraikia izan den jakiteko nork bere etxebizitzaren eskrituretan begiratu beharko du. Horrela jakingo du eraikinak azterketa egin behar duen ala ez, eta noiz pasa behar duen. Bando bidez alkateak esan du: "Eraikinaren jabearen ardura da azterketa pasatzea, eta Udalaren ardura azterketa horren inguruko plangintza egitea".
Eskaera bateratua
Udalak proposatu du bere egunean teilatu-hodien garbiketarekin egin zen moduan kasu honetan ere eskaera bateratua egitea, "kostuak ahalik eta gutxien izateko", adierazi dute. Helburu horrekin, horrelako azterketa teknikoak egiten dituzten enpresei aurrekontu bateratua eskatuko litzaieke. Aurrekontu bateratu horretan parte hartu gura duten herritarrei dei egin diete eskaerak otsaila amaitu aurretik udaletxean egiteko. Eskaerak aurkezteko epemuga zehatza da martxoaren 1a baino lehen.