Lasaitasuna, atzera ere, Elgetarako errepideetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko otsailaren 12a

Garabien txanda da orain; bide bazterretan gelditutako autoak kentzen ari dira poliki-poliki.

"Joan dira goizeko larritasunak", esan digu udaletxean Juan Ramon Irazabalek. "Bideak zabalik daude, eta garbi". Diputazioko makina ere agertu da; 11:15ean ziren kanpandorreko ordularian.

Herriko kaleetan inor gutxi ikusten zen. Haurrik ere apenas kontuan hartuta gaur eskolarik ez dagoela. Laukote batekin egin dugu topo, bakoitzak ere lera tiraka zeramala. "Saiatu gara, baina ezin da elurretan jolastu. Elurraren azpian ura dago", esan dute.

Goiza Elgetan

Julian Markiegi ohiko postuan zen 06:20rako. "Gaur, elurra zela-eta apur bat beranduago etorri naiz", esan du. "Berdintxu joan da goiza; ohiko egunkariak saldu ditut. Akaso baten bat ez da etorri, baina oso gutxi izan dira". Bergarako bidean gora behera handiak egon direla kontatu digu. "Jendeak esan duenez auto ugari gelditu dira gurutzatuta. Asko izan dira abiatu eta buelta eman behar izan dutenak".

Berriketan geundela matrikula portugaldarra zereman kamioia iritsi da Bergaratik. "Bidea orain ondo dago igotzeko", esan du gidariak. "Kamioi handiokin hobeto igotzen da auto txiki batekin baino. Jaisteko ere ez dago arazorik, baina poliki joan behar da".

Haizea tabernan hartu dugu kafetxoa. "Oilaskoen kamioia ez da igo", esan digu bertan harategiko Sonia Mirandak. "Imanolek, berriz, sekulako auto-pilaketak aurkitu ditu Bergarara egin duenean. Orain, garabiak omen dabiz gora eta behera bide bazterretan gelditutako autoak erretiratzen".

Kanpanzarreko bidean, Zabaleta auzo parean, pinu bat jausi da eta errepidea itxita egon da suhiltzaileek traba egiten zegoen zuhaitza erretiratu duten bitartean.

Elorriotik mugara bitartean, berriz, elurra kentzeko bi makina aritu omen dira lanean gaur. Biak Bizkaiko Diputaziokoak. "Agendan apuntatzeko horietako eguna", esan du horren harira herritar batek.

Apurka-apurka lasaitasuna itzuli da Elgetara. Orain, bide bazterretan eta oinezkoen bideen parean sortu diren ur putzuak saihestu beharko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak