Zelako ikuskizuna ekarriko diguzue?
Denetarik eramango dizuegu; izan ere, orain dela urte asko dani Lopez eta biok elkartu ginenean komedia egitea erabaki genuen. Dauzkagun errekurtso guztiak erabiliko ditugu; komedia monologo eran eginda.
Musika baina, zuen ikuskizunaren oinarri ere bada.
Komediari musika jarriko diogu, girotu egingo dugu. Instrumentu batzuk jotzen badakizkigu eta baita abesten ere. Ikuskizun borobila izango da. Arlo guztiak ukitzen ditugu: musika, komedia eta inprobisazioa.
Urrats bat gehiago eman nahi duzue ikuslearekin.
Bai. Ikuskizun soil bat izatetik haratago joan nahi dugu eta ikuslearekin elkareragile izan. Parte-hartzea bultzatu nahi dugu: barre egin, agertokira salto egin, gurekin jolas egin... Hala, monologo huts bat baino gehiago den sentsazioarekin geratzen da ikuslea.
Telebistan edo zuzenean egiten den lana ezberdina da, ezta?
Bai, telebistako lana itxiago da eta ez da bat-batekoa. Ikuslea bere etxean dago eta ezindu zurekin hartu emana izan; zuzenean aldiz, gauza asko gertatu daitezke. Eta hori ikusleak eskertu egiten du. Dena posible da komedian eta askatasun handiagoa ematen digu. Ikusleak freskura hori asko eskertzen du.
Ikuskizuna beraz, aldakorra da?
Bai, kasu askotan. Egia da gidoi bat prestatuta daukagula, baina gero hori aldatu egiten da ikusleak egiten duen iradokizunen arabera. Ikuskizunean barrena, ikusleei ekarpenak egiteko eskatzen diegu. Gustatzen zaigu izan ere, gaurkotasunez jardun dezakegu. Joko asko ematen digu agertokian momentuko musikak, krisiak edota telebista saioek.
Zelakoa da Pedro Llamas agertokian?
Etxean dagoen edonozeinen modukoa naiz, baina lotsa gutxiagorekin. Behin agertokira igota, armadura bat jartzen dut eta egoera arrunt batean kontatuko ez nituzkeen gauzak kontatzen ditut. Agertokiak ematen dizun hausardia hori aprobetxatzen dut.
Eta Dani Lopez?
Danik ere badauka puntu hori; izan ere, edozein elkarrizketatan esango ez lukeena kontatzen du. Bion arteko elkareragite hori zor dadin ezinbesteko da. Askotan ikuskizuna bukatu eta galdetzen digute: baina non ezagutu zarete zuek biok? Ezberdinak gara baina biok Komedia egiten dugu abesten edo inprobisatzen.
10 urte daramatzazue bikote moduan ikuskizunarekin alde batetik bestera.
Arlo askotan lan egiteko aukera izan dugu gainera Vaya por Dios, mejorando lo presente ikuskizunarekin. Telebistan eta zuzenean.Baina orain Interneterako lan asko egiten ari gara. Jendeak etxean lasai, 5 minututako bideoak ikus ditzake eta lagunekin trukatu. Horrek osatzen dugun bikotea bizirik mantentzen du.
Zer espero duzue Elgetako ikusleen aldetik?
Dena eman dezatela! Askotan jendeak espero du komikoak eman dezala dena, baina guk euren iradokizunak nahi ditugu. Gure helburua da une batez, bakoitzak bere arazoak ahaztea eta denok elkarrekin komediaz gozatzea.Ez dugu barre erraza bilatzen; jendeak entzundakoa hausnartzea nahi izaten dugu. Ikusleak daukan aurreiritzien arabera, era batean edo bestean jasoko du guk eskainitako umorea.