Ezustean harrapatu gaitu neguko lehen elurteak. Elur abisu bat baino gehiago jaso ditu Udalak azken hilabeteotan, baina ez du orain arte ganoraz bota. Bost bat zentimetroko elur geruza dugu gaur Elgetan, eta 08:00ak bueltan ez dira gutxi izan bidean ez atzera ez aurrera gelditu diren autoak. Gurutzatuta gelditu direnak ere bat baino gehiago izan dira.
Kanpanzar eta Karabieta itxita egon dira. Goizean goiz herritar batek Kanpanzarreko bidean ateratako argazkiak ikus ditzakezue argazki galerian. Errepide horietan kateak erabiltzeko gomendioa egiten dute oraindik ere.
Bergarako bidean arazoak
Bergarara doan errepidea da elurte kasuetan erabili beharreko bidea, hori baita Diputazioak zabalik mantendu beharreko errepidea, baina udaletxetik adierazi dutenez 06:30etik ez da makinarik inondik ageri. Julen Beretxinaga elgetarrak dihardu elurra kentzeko makinarekin gora eta behera. —argazkiak ikusgai—
Ez du lan erraza izan. 08:20ean, Elgetako industrialdea eta kale nagusiak elurrez garbitu ostean egin du lehenengo pasada Bergara aldera, eta ordurako auto pilaketa handia zegoen errepidean. Tartean, bide bazterra jo duten autoak, bateriarik gabe gelditu direnak zein kolpea izan dutenak. Bada, karabanan zihoala aurrekoa jo duenik ere.
Herri mailan garbi
Beretxinagarren elurra kentzeko makina eta udal brigadako langileak goiz hasi dute gaur lan jarduna. 07:30erako industrialdea pasatu zuen Beretxinagak, eta eguneko zentrora sarbidea errazteko garbiketa lanak egiten aritu da Domingo Iturbe kalean. Brigadako langileak pala eskuan hartuta ari dira lanean erabilienak diren pasabideak elurrez libratzen.
Zorionez ez du elur gehiago bota, eta garbitutakoa garbi mantentzen da. Herri Eskola ere itxita dago gaur Inauteri-martitzena dela-eta. Euskalmeten iragarpenaren arabera eguerdian 700-800 metrora igoko da elur kota.