Gurasoendako hitzaldia antolatu dute eguenerako Elgetan; zaintza zerbitzua egongo da

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko otsailaren 8a

Maala guraso elkarteak hiru hitzaldi antolatu ditu 2012-2013 ikasturterako; eguenean gaia izango da seme-alabak ikastera nola motibatu.

Baikara federazioarekin elkarlanean Maala elkarteak gurasoendako hiru hitzaldi antolatu ditu aurten, eta udaberrian egin beharrean negu partean egitea hobetsi du. Hala, eguenean hasita hamabostean behin egingo dituzte saiook: otsailaren 14an, otsailaren 28an, eta martxoaren 14an, hain zuzen ere. Guztiak, herri eskolan izango dira, 18:30ean hasita.

Maala guraso elkarteak hiru saioetan parte hartzera gonbidatzen ditu gurasoak, baina jakinarazi duenez saio bakoitzean gai espezifiko bat landuko da; eta hitzaldi indibidualak izango direla. Hau da, ez dute elkarren arteko loturarik izango. Baikara federazioko hezitzaile batek gidatuko ditu, eta parte hartzea irekia izango da.

Proposatutako gaiak

Eguenerako deitu dute lehenengo saioa, eta seme-alabak ikastera nola motibatu izango dute aztergai. Baikarako hezitzaileak  ikaskuntzarekin lotutako alderdiak jorratuko ditu, eta gurasoei motibazio eta konfiantza estrategiak azalduko dizkie.

Otsailaren 28an egingo den saioan emozioen alorra landuko dute. Gaia izango da: nola lagundu seme-alabei beren gatazkak gainditzen. Emozio gaitasunen ezagupena eta entrenamendua jorratuko dira. Emozio eta jarrerazko zailtasunak gainditzeko estrategiak eta teknikak ere azalduko dira.

Azkenik, martxoaren 14an egingo den saioan —hirugarrena eta azkena— anaia-arreben arteko harremanak landuko dituzte. "Maitasunetik gorrotora joan etorriko bidea", dio hitzaldiaren izenburuak.  Hala, anaia-arreben arteko lehiakortasuna, jeloskortasuna, maitasuna, inbidia eta norgehiagokeria aipatuko dira; azken finean anaia-arreben arteko sentimenduak. Hezitzaileak azalduko du anaia-arreben arteko harreman orekatu bat nola sustatu daitekeen.

Zaintza zerbitzua

Hitzaldiotan ahalik eta guraso kopuru handienak parte har dezan Maala elkarteak zaintza zerbitzua eskainiko du aurten Udalarekin elkarlanean. Udal ludotekan emango da zerbitzu hori, eta hitzaldiotan parte hartzen duten gurasoen seme-alabendako izango da. Hala, hitzaldia dagoen hiru egunetan interesatuek zabalik aurkituko dute zerbitzua, 18:15etik 20:00etara. Doan izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak