Aktore bila Elgetan gerra garaiko errekreazio bat egiteko

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko otsailaren 6a

Udalak herritarren parte hartzea eskatu du apirilean egingo den ekitaldirako; 60 bat lagun behar dira.

Intxorta 1937 kultur elkartearekin elkarlanean Espainiako gerra garaiko errekreazioa egin gura du Elgetako Udalak apirilaren 28an. Intxortako Atea eskultura inauguratu zenetik –2007ko apirila— urtero bi oroimen-ekitaldia egin dira Asentzion; urrian eta apirilean, frontea ezarri zeneko eta jauzi zeneko urtemugak gogora ekartzeko, hurrenez hurren.

Aurten, apirileko urtemuga berezia izango da. Bultzatzaileek 1937ko apirilean gertatutako borrokaldien errekreazioa egin gura dute. "Beharko ditugu 60 bat lagun; 40 matxinatuen papera egiteko, eta 20 gudari eta milizianoen parte hartzea irudikatzeko", azaldu du Intxorta 1937 kultur elkarteko Juan Ramon Garaik. "Gudari eta milizianoak lubakietan egongo dira, eta matxinatuek eraso joko dute 1937ko apirilean gertatu zen moduan", azaldu du.

Garaik adierazi du arropak egiten ari direla dagoeneko. "Ez dugu bonbardaketak irudikatzeko hegazkinik ekarriko, baina asmoa da bolbora eta petardoekin gertatutakoa ahalik eta modu txukunenean irudikatzea". Ordu erdi bateko antzezpena izango da.

Garaik azaldu du egin izan direla antzerako borrokaldien errekreazioak: "Esaterako, Ebroko bataila edo Madrilgo borrokaldiak irudikatzeko. Baina, Euskal Herrian, oso gutxi egin dira; baten bat Burdinazko Gerrikoan gertatutakoak irudikatzeko", azaldu du.

Deia herritarrei

Helburua da errekreazioa elgetarren parte hartzearekin egitea. Hala, Haizea tabernan eta Espaloia kafe antzokian ipini dituzte izena emateko zerrendak. "Mairuek ere hartu zuten parte borrokaldi horietan, eta bailarako mairu talde bat prest agertu da Elgetako errekreazioan parte hartzeko", jakinarazi du Garaik. Beharrezko materiala —oinetakoak salbu— Udalak ipiniko ditu, eta entsegu bakarra egingo da; apirilaren 27an, 16:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak