Aurten ere haurrek irekiko dituzte Inauteriak... eta gero gerokoak

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko ots. 6a, 11:27

Gaztetxeak dantzarako erritmo brasildarrak proposatu ditu; Espaloian, berriz, karaokea eta mozorro lehiaketa.

Elgetan ere mozorroen eguna hurbiltzen doa. Otsailaren 8an, barikua, ospatuko ditugu Inauteriak. Herri Eskolako neska-mutikoak izango dira mozorrotzen lehenak. 15:00etan mozorro desfilea egingo dute, eta jarraian dantzak eta jokoak herriko plazan. Eguraldi txarra bada, ekitaldia pilotalekuan egingo dute.

Eskolakoen ekitaldia amaitutakoan, 16:00 aldera, guraso elkarteak txokolate beroa eta bizkotxoak banatuko ditu, eta 16:30ean, ludotekako eta gaztelekuko hezitzaileek umeendako jokoak egingo dituzte. Festak Espaloian jarraituko du: Amaia Txintxurretak DJ emanaldia egingo du, 17:30etik 20:30era.

Gaztetxean

Iluntzerako gaztetxeak txikiteoa antolatu du. Afaria ere antolatu dute; prezioa hamar euro da, eta interesatuek Haizea tabernan eman behar dute izena otsailaren 6a baino lehen. Afalostean dantzarako aukera izango da, izan ere Samba Dzanga taldeak girotuko du Inauteri gaua gaztetxean. Zumarraga-Urretxuko taldea da eta erritmo brasildarrak jorratzen dituzte.

Espaloia kafe antzokian

Hondartzako txiringito bihurtuko da Espaloia kafe antzokia Inauteriotan. Gauerdian, karaokea antolatu dute Mañeruko Lady Gagaren eskutik, eta mozorro zein kantu lehiaketa ere iragarri dituzte. Saria egongo da mozorro originalarendako zein sosoenarendako, baita ere kantari onenarendako zein txarrenarendako. Espaloian ere afaltzeko aukera egongo da. Prezioa 18 euro.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak