Erretiratuek eguaztenean, urtarrilak 30, jokatu zituzten herri mailako briska eta tute txapelketak. Hogei lagun aritu ziren jokoan; emakumezkoak hamazazpi, eta gizonezkoak hiru. Arratsalde pasa egin zuten karta jokoan, eta txapeldunak ere izendatu zituzten. Tutean Arantxa Arrieta eta Jesusita Retolaza bikotea nagusitu zen; briskan, berriz, Juanita Beretxinaga eta Antonia Elkoroberezibar bikotea. Irabazleek ardo botila bana eta gazta erdi bana eraman zuten etxera.
Elgetako txapelketan nagusitu ostean Elgoibarren jokatuko den Debabarrena mailako txapelketan parte hartzeko aukera dute orain bi bikoteek. Arantxa Arrietak eta Juanita Beretxinagak badute eskarmentua, izan ere, 2011an Debabarrena mailako briska txapelketa irabazi zuten elkarrekin. Oraingo honetan ez dira bikote eta Arrieta tutean dabil, baina karta jokoan ondo egiten dutela zalantzarik ez dago.
Aratusteak
Inauteri-martitzenerako, otsailak 12, txokolate-jana eta bingo saioa iragarri dute Xalbadorpe erretiratuen elkartetik. Ozkarbi elkartean egin dute hitzordua 17:00etan. Jakinarazi dute herriko erretiratu guztiak daudela ospakizunean parte hartzera gonbidatuta.