Bisita horietan gida lanak egiten dituen Iraitz Lazkano elgetarrak eman ditu datuak: "Iaz, 1.230 lagunek eskatu zuten bisita gidatua, eta bisitako bataz bestekoa 21 lagun izan zen". Bide beretik jarraitzea da asmoa, eta 2013ko egutegia gertu dago. Horrez gain, 2013ak aro digitalerako saltoa ere ekarriko du.
Aplikazio berria ekainerako
Erakusketa iraunkorra, ibilbide tematikoa, bisita gidatuak, urteroko ekitaldiak... azken urteotan ahalegin handia egin da Intxortako frontean gertatutakoak argitara ekartzeko. Proiektuak presentzia du dagoeneko Facebook eta Twitter moduko sare sozialetan, baita Gipuzkoako museoen atari digitalean ere. Espaloiko Interpretazio zentroan dagoen QR kodeak, bestalde, ibilbidea nork bere kabuz egiteko aukera ematen du.
2013an, ordea, teknologia eta aplikazio berrietara salto berria emango da. Jaurlaritzaren babesarekin, bisitak mugikorraren laguntzarekin egiteko aplikazio berria garatuko du Udalak. Historypin aplikazioak ere erabilera berriak eskaintzen ditu. Gerra garaiko argazkiak aurkituko dituzue, baita beste hainbat gai eta garaikoak. Non eta noiz ateratako argazkiak diren jasotzen da bertan.
2013ko udal aurrekontuan egitasmoak 61.900 euroko diru-lerroa jaso du; inbertsioen ataleko kopuru handiena da. "Jarraitzen dugu pentsatzen gure herriarendako estrategikoa dela gerra zibilaren inguruan egin dugun ibilbide tematikoa, eta horrek bere diru-lerroa edukiko du", adierazi du Oxel Erostarbe alkateak. Iritzi berekoa da Patxi Basauri turismo burua: "Jende asko etortzen da, eta bultzatu egin behar dugu".Eusko Jaurlaritzak ere proiektua babesteko hautua egin du. Turismo sailetik 38.140 euroko dirulaguntza eman du gunearen bisita mugikorretik egiteko aplikazio berria sortzeko. "Eusko Jaurlaritzak Top esperientzien barruan sartu du Elgetako egitasmoa", esan du Erostarbek.

Errekreazioa apirilean
Apirileko urtemuga ere berezia izango da aurten. Herritarren parte hartzearekin frontearen errekreazioa egin gura du Udalak: "Belga inguruko lubakietan izango da errekreazioa; bertan gertatutakoak ekarriko ditugu gogora", esan du Erostarbek. "Gura dugu herritarrek parte hartzea; 60 bat lagun beharko ditugu. Laster zabalduko dugu izenemate epea".
Seinaleztapen berria
Udalak, bestalde, seinaleztapen panelak ipini gura ditu. Ibilbidearen berri emango dute baita Espaloia kafe antzokian aurkitzen den erakusketa iraunkorraren kokapena adierazi ere. Helburua da memoria historikoaren inguruan egindako lana ahalik eta jende kopuru handiagoarengana zabaltzea. Interpretazio zentroa urte osoan dago zabalik —kafe antzokiko ordutegiarekin— eta sarrera doan da. Bisita gidatuen egutegia ere gertu dago —hilean bi—. Prezioak dira: 16 urtetik gorakoendako bost euro, eta 6-16 urte artekoendako bi euro.