Sei mendeko historia duen kofradiaren etorkizuna ezbaian

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko urtarrilaren 25a

San Sebastian kofradiako kide gehienak nagusiak dira, eta kasu askotan ez dute erreleburik.

Elgetako eta Uberako San Sebastian kofradiako nobleek urteroko batzarra egin zuten domekan, hilak 20. Elgetako parrokian meza entzun ostean urteko gorabeherak eguneratzeko batzarra egin zuten sakristian. Ondoren, bazkaria egin zuten.

Kofradiako idazkari Juan Ramon Irazabalek gogoratzen du Errege Katolikoen garaitik datorren taldea dela San Sebastian kofradia. "Lehengo eginkizuna zen Elgetako, Uberako eta Angiozarko jabeei armak edukitzeko baimena ematea erasoengandik eta lapurreta saiakerengandik defendatzeko".

Eginkizuna zaharkituta gelditu zen aspaldi, baina kofradiak bizirik iraun du gaur egunera arte. Azkenaldian, ordea, kofradiako kideen kopurua jaisten doa. 

23 noble ditu kofradiak

Pena litzateke gurean sei mendeko historia duen elkartea desagertzea. Juan Ramon Irazabal lanerako prest agertzen da: "Jarraitzea da asmoa, eta hemen gauden bitartean egingo dugu lantxo hori", esan zuen domekako ekitaldian.

Kofradiaren azken urteotako bilakaerak erakusten du, ordea, historia zati hori mantendu gura bada zerbait pentsatu beharra dagoela. "Gordeta daukaten 1.700. urteko arautegiak jasotzen du talde bakoitzean hogei noble zeudela; hogei Elgetan, hogei Uberan, eta hogei Angiozarren", dio Irazabalek. "Badira urte batzuk Angiozarkoek beren aldetik ospatzen dutela eguna, eta ez dakit zenbat izango diren, baina uneotan Ubera eta Elgeta artean 23 noble dira. 25 ziren, eta aurten bi lagunek eman dute baja. Hortaz, 40 izatetik 23 izatera pasa dira. Kofradiako kide gehienak nagusiak dira, eta askok ez dute ordezkorik edo ordezkoek ez dute jarraitu gura", dio Irazabalek.

Idazkariak kontatzen du baita ere antzina ospakizuna zorrotzagoa zela: "Noble bakoitzak bere arropak zituen, baina elizan lanak egin zirenean desagertu egin ziren guztiak. Jasota dago baita ere antzina korporazio edo udalbatza osoak hartzen zuela parte San Sebastian eguneko ekitaldian".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak