Nola gogoratzen duzu hasiera?
Ba, akordatzen naiz irailean ikasketak amaitu, eta Eibarko farmazia batean ari nintzela lanean, praktiketan. Urria izango zen Elgetako farmazia eskualdatu nahi zutela jakin genuenean. Ez nuen birritan pentsatu, eta Gabon ostean, urtarril hasieran hasi nintzen hemen lanean.
Zein zen Elgetako farmazialaria zure aurretik?
Maribi Anitua, Iturbe baserrian bizi da. Esango nuke sei bat urte izango zirela Elgetan farmazia ireki zuela.
Asko aldatu da botikako lana?
Ordenagailuarekin bai. Biltegiko lana, iraungitze-daten kontrola... eskuz egiten genituen, eta produktuen eskaera terminal eramangarri batekin egiten genuen. Hemen dut oraindik ere. Botatzeko puntuan izan naiz, baina Amaiak ez dit utzi. Gordetzeko dio.
Eta botikak asko aldatu dira?
Bai. Lehen pilulak eta kapsulak ziren nagusi, urarekin nahasi behar izaten ziren. Orain, ahoan urtzen dira, eta desintegrazio luzekoak ere badaude. Gero, onkologian edo hiesaren kasuan asko aurreratu da.
Formalak gara botika kontuetan?
Bai. Batzuei kosta egiten zaie medikuarengana joatea, eta bidali egin behar izaten ditugu. Baina kasu egiten dute.
Eta urteotan zenbat aldiz jo dute zure etxeko atea?
Oso gutxitan. Jendeak, Elgetan, errespetatzen du hori. Pare bat bider izan da, eta benetako larrialdiak ziren.