Drogak, nerabeak, umetako oroitzapenak, politikariak, famatuak, familia, bere burua... Ernesto Sevillak atzo Elgetan egindako bakarrizketan erakutsi zuen umoreak edozein gauza jorratzeko balio duela. Eta ondo jorratuz gero gainera, emaitza bikaina dela: ehundaka lagun barre algaraka jartzea.
La hora chanante, Muchachada Nui edo Museo Coconut bezalako telebista saioetan aritu izan den Sevillak ederki kontrolatzen du formatua: guztion buruan berehala gauzatzen diren ideiak eta egoerak primeran azaltzen ditu, ikusleekin berehalako konexioa lortuz. Eta egin beharreko txistea akaso hain ona denean, badaki ojete hitza bota eta barreak ziurtatuta dituela. Horrelaxe gertatu zen bart Elgetan; eta seguraski gaur ere horixe bera gertatuko da 22:30etatik aurrera eskainiko duen emanaldian.