Bilduren desadostasuna sortu du 2013ko aurrekontuan onartu den alkatearen soldatak. 25.827 euroko soldata da. Bildutik azaldu dute agintaldi hasieran adostu zutela alkatetza soldata udalbatzan, eta udal gobernuak, orain, erabaki hura atzera bota, eta mila euroko igoera aplikatu duela. Kopurua bera baino formak salatu ditu Bilduk.
"Agintaldi hasieran, alkatearendako 24.786,62 euroko soldata adostu genuen. 2013ko aurrekontuan 25.827 euro jaso dira. Lehen ogasun batzordetik azkenengora arte hartu dugu parte, eta ez dugu aldaketa horren berririk izan", esan du Janire Lazkanok.
Azalpena eskatu eta udal gobernuak akats teknikoa argudiatu zuela diote: "2008ko ordainketa beharrean 2007koa hartu zela kontuan kopurua finkatzeko orduan". Azalpenak ez ditu Bilduko ordezkariak hasebete. "Murrizketak batera onartu genituen, udal gobernuak ekarritako proposamena zen, gainera. Adostutako erabaki bat atzera bota, eta alkatearen soldatak mila euro egin du gora", azaldu dute.
Erantzuna
Aralar-Independenteak taldearen erantzuna izan da alkateak soldata duina duela; "udaletxean finko dauden langileekin konparatuta baxuena, eta gainera ordutegirik gabekoa", adierazi dute. Salatu dute Bildu mila eurogatik kezkatuta egotea, baina ezer ez esatea Udalak alkatea liberatu egon ez den denboran 120.000 euro aurreztu izanaz.
Jakinarazi dute, bestalde, ez kobratzearren alkateak ez duela telefono gasturik ere kobratzen, eta ez duela azken lau hilabeteetan liberaziogatik udaletxetik ezer kobratu. Gehiago esan dute: "Ez dago urrun joan beharrik Bilduren alkate eta zinegotzi liberatuek zer kobratzen duten ikusteko; Elgetan alkatearendako onartu dena hortik behera dago".