Elgetako I. Monologo Mostra aurkeztu dute Espaloia kafe antzokian

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko urt. 9a, 18:40

Apustu berritzailea eta handia dela esan dute antolatzaileek; sarrerak salgai daude. 

Gaur aurkeztu dute Espaloia kafe antzokian Elgetako I. Monologo Mostra: lau aste bukaeratan zortzi emanaldi egingo dira, guztiak umorezko bakarrizketak. Urtarrilean eta otsailean izango dira, hileroko azken bi aste bukaeratan, eta lehen lerroko monologistak izango dira Elgetan. Magia Mostrak bederatzi edizio beteko dituen urtean abiarazi dute Monologo Mostra Espaloian.

Aurkezpen prentsaurrekoan Ttipia kultura sustapenak taldeko Asier Alvarez de Arkaia eta Espaloia kafe antzokiko kultura taldeko Larraitz Zeberio izan dira.

Lehen lerroko sei monologista

I. Monologo Mostrak lehen lerroko sei monologista ekarriko ditu Espaloia kafe antzokira. Ernesto Sevillak egingo du lehen ikuskizuna hilaren 18an eta 19an, 22:30ean. Monologos de Coconut ikuskizuna eskainiko du. Hurrengo aste bukaeran, urtarrilak 25-26, bi monologista izango dira Elgetan: Sara Escudero eta Miguel Iribar. Sara Escudero El Club de la Comedia saioko azken irabazlea da. Miguel Iribar, berriz, Paramount Comedyko komikoa eta gidoilaria da.

Otsailean Pedro Llamas eta Dani Lopezek emango diote jarraipena Monologo Mostrari. Batera Vaya por Dios: mejorando lo presente izeneko ikuskizuna egingo dute otsailaren 15ean eta 16an. Monologo Mostra ixteko Dani Mateo monologista entzutetsua izango da Elgetan PK2: Que Dios nos coja confesados emanaldiarekin. Aski ezaguna da Dani Mateo, El Club de la Comedia saioan arrakasta handiena duen monologistetako bat da.

Sarrerak salgai

Sarrerak salgai daude bai kafe antzokian bai Espaloiaren webgunean. Banaka eros daitezke –10 eta 18 euro bitartean—, eta aurrez erosiz gero merketagoak dira. Ikuskizun guztietarako bonoa ere atera dute, 40 euroko prezioan.

Espaloia kafe antzokiaren ordezkariak esan du Magia Mostra apustu handia izan zen moduan, Monologo Mostra beste apustu handi bat dela. "Magia Mostrarekin moduan bidelagun batzuk ditugu, Ttipia kultura sustapenak taldea, hain zuzen ere. Ondo ezagutzen dute umorezko bakarrizketen mundua, monologista askorekin egiten dute lan, eta euren eskutik abentura berri honetan murgildu gara".

Ttipia kultura sustapenak taldeko Asier Alvarez de Arkaiak bere aldetik esan du: "Monologoak egiten dira eta gero eta leku gehiagotan, baina emanaldi solteak izan ohi dira. Zentzu horretan formula berria da Mostra handi bat egitea". Umorea osasuntsua dela adierazi du eta Elgetako aretoak artistaren eta publikoaren artean ahalbidetzen duen hurbiltasuna nabarmendu du. "Oso aproposa umorezko bakarrizketetarako", esan du.

Alvarez de Arkaiak esan du gurean ez gaudela oraindik oso ohituak umorezko bakarrizketetara. "Aretoetara musika emanaldiak edo antzezlanak ikustera joaten gara, baina monologoak gero eta leku gehiago hartzen ari dira. Standar comedy AEBtik dator. Jendeak oraindik ez daki ziur zer ikusiko duen. Pertsona bat bi ordutik gora agertoki batean etenik gabe bakarrizketan ikusten dutenean, ordea, zur eta lur gelditzen dira. Benetan bertigoa ematen du, liluratuta gelditzen dira". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak