Zapatuan presoen alde Bilbon egingo den manifestazioarekin bat egin du Elgetako Udalak

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko urtarrilaren 8a

Bando bidez, herritarrak manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte.

Elgetako Udalak bat egin du zapatuan, urtarrilak 12, 17:30ean hasita, Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira lemapean Bilbon egingo den manifestazioarekin. Udalbatzak abenduko plenoan izan zuen gaia mahai-gainean. Bilduk aurkeztutako mozioaren laugarren puntuak jasotzen zuen Udalak manifestazioarekin bat egiteko eskaera. Plenoan zeuden zinegotzien babesa jaso zuen puntu horrek, salbu EAJren bi zinegotziena. Abstenitu egin ziren.

Bandoa

Plenoan adostu moduan bandoa zabaldu du gaur alkateak. "Bizi dugun egoerak euskal preso politiko guztien eskubideen errespetua ere eskatzen du. Besteak beste, sakabanaketaren amaiera eta preso guztien Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratzea, zigorra bete dutenak askatzea, zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak bete dutenen baldintzapeko askatasuna, eta bakoitzaren adierazpen askatasunari errespetua", jasotzen du bandoak. "Idatzi honen bitartez manifestazioan parte hartzera gonbidatu nahi zaituet", amaitzen du bandoa Erostarbek.

Zapatuan autobusa irtengo da Elgetatik Bilbora. Interesatuek Haizea tabernan eman behar dute izena.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak