Elgetako Bilduk dio Udal gobernuak abandonatu egin duela herria proiektu handiei garrantzia larregi emanda

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko urtarrilaren 7a

Udal gobernuak egindako kudeaketa defendatzen du, eta oposizioaren jarrera kritikatu du.

Bilduko zinegotziek gogor kritikatu dute herrian apurtuta edo abandonatuta ikusten dituzte hainbat gune eta azpiegituraren egoera. Abenduko osoko bilkuran Janire Lazkano bozeramaileak 39 argazkirekin osatutako dokumentua aurkeztu zuen —hemen 13 argazki—, eta txostena prestatzen ari direla jakinarazi zuen.

Argazki horietan, besteak beste, haurrendako jolasguneak nabarmentzen dira; Maalakoa, kiroldegikoa, eta industrialdekoa. Baita, Torrealdean amaitu gabe dagoen eraikuntza lanen eremua, kantxako saskiak, Torrealdea auzoko sarrera eta plazatxoa, eta herrian zehar egoera txarrean dauden hainbat espaloi, hoditeria, baldosa, zaborrontzi edo arketa.

Bilduk udal gobernuari eskatu dio proiektu berrietan sartu ordez konpontzeko dauden gauzak konpontzeko, eta ondo dauden gauzen mantentze lanak behar bezala egiteko. "Guretzat garrantzia ez dauka obra berriak eta txalet bat erosteak Asentzioko kasuan pasa den moduan", adierazi du Bilduko bozeramaile Janire Lazkanok. "Uste dugu benetan Elgetak badituela azpiegiturak, eta beti egin dugu horiek mantentzearen eta zaintzearen alde. Ikusi dugu aurten pixka bat abandonatu egin dela herria proiektu handiei inportantzia larregi eman zaielako".

Bilduk gaineratu du 2012ko kudeaketa zein izan den ikusita dezente lasaitzen dituela aurrekontu berriak inbertsioetarako lekurik ez duela ematen jakiteak.

Inbertsio txikiei garrantzia

Udal gobernuak, bere aldetik, egindako kudeaketa defendatzen du, eta jakinarazten du 2013ko aurrekontuan diru-lerro ezberdinak daudela mantenu eta hobekuntza lanetarako."Nik uste dut Bilduk hartu duela Elgetan udal gobernua eta herria aurrera ateratzen dihardugunon kontrako postura", esan du Oxel Erostarbe alkateak. Aurreratu du "egoera ekonomikoa hala izanda" garrantzia emango diotela "inbertsio txikiei, eta batez ere, daukaguna ondo mantentzeari".

Elgetako alkateak esan du kiroldegiko ziburuak eta Julianen kioskoa berrituko direla, eta jakinarazi du kale altzarietarako 6.000 euroko diru-lerroa jaso dutela 2013ko aurrekontuan. Aurreikusita dago, baita ere, eskolako igogailua eta udal artxiboko alarma konpontzea. Baita haurreskolan lanak egitea ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak