Motza izan zen atzoko arratsaldea Elgeta. Gabonetako haur parkeak 17:00etan zabaldu zituen ateak eta 20:00ak berehala iritsi ziren. Atzokoan, gaur ez bezala, gurasoek "bihar berriz etorriko gara" esateko aukera izan zuten. Gabonetako haur parkera 88 neska-mutiko hurbildu ziren.
Kostua 1.490 euro
Bederatzi atrakziok osatzen dute aurten Elgetako Gabonetako haur parkea: txalupen ur putzua, xake erraldoia, futbolina, Connect 4 erraldoia, uztai jaurtiketa, hiruko artzain-joko erraldoia, power hockey mahaia, eta bi puzgarri. Bereziena eta ikusgarriena, aurten, txalupen ur putzua da, izan ere, lehen aldia da atrakzio hori Elgetara etortzen dela. Ume bat baino gehiago bustita joan zen atzo etxera.
Atracciones Sanz enpresak ekarri du haur parkea Elgetara, eta kostua 1.490 euro da. Erabiltzaileek hiru euroko sarrera ordaintzen dute.
Gaur ere zabalduko dute haur parkea, 17:00etatik 20:00etara.