Erabiltzaile ugari ditu Gabonetako ludoteka eta gazteleku zerbitzu bereziak

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko abenduaren 28a

Ludoteka herriko ume guztiendako dago zabalik egunotan, 17:00etatik 20:00etara.

Harrera ona izan du zerbitzua herriko ume guztiei zabaltzeko ekimenak asko baitira arratsaldeotan ludotekaraino hurbiltzen diren neska-mutikoak. Gurasoek ere, zalantzarik gabe, ondo hartu dute ekimena.

Ludotekako zein gaztelekuko haurrak, guztiak elkartzen dira opor egunotan Torrealdeako lokalean. Hezitzaileek proposatutako tailerrak eta jarduerak egiten dituzte, baina baita jolas librea ere.

Bihar, barikua, egun berezia izango da izan ere Ana Mari Sousak eta Mentxu Arjonillak biodantza saio irekia egingo dute. Ordubeteko saioa egingo dute Herri eskolako ganbaran, 17:00etan hasita. Gurasoak ere gonbidatuta daude. Jarraian, Lorea Larrañaga musika ikasleek Gabonetako emanaldia egingo dute Espaloia kafe antzokian. 19:00etan hasiko da.

Gabonetako haur parkea

Urtarrilaren 3an eta 4an zabalduko ditu ateak frontoian Gabonetako haur parkeak. Sarrera, umeko eta eguneko, hiru euro da. Ludotekako eta gaztelekuko erabiltzaileendako doan izango da.

Aurretik, abenduaren 29an, bi ekintza berezi izango dira herrian. 10:30ean, kiroldegiko gimnasioan, tai txi-txi kung saioa irekia egingo dute. Defentsa pertsonaleko saioa ere egingo dute. Saio irekia da eta doakoa. Arratsaldean, berriz, 18:00etan ipuin kontalari saioa egingo du Amaia Arriaranek gaztelekuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak