Ekintzaz beteriko eguna izan zen atzokoa, eta gaur jarraipena izan da. Atzo goizean jostailu truke azoka egin zuten herriko plazan, eta arratsaldean gaztelekukoek hartu zuten lekukoa gaztelekuan egindako eskulanekin. Olentzero izan zen atzo protagonista nagusia, baina aurretik Elgeta Kantuan ekimenaren bigarren saioa egin zuten hainbat herritarrek Jose Gardoki eta Beñat Leanizbarrutia musikariekin.
Olentzero
Arratsaldean guraso elkarteak txokolatea banatu zuen, eta gaztetxekoek salda eta txitxiburduntzia. Olentzero 18:00ak aldera iritsi zen. Urtero moduan Salbador ermitatik behera etorri zen asto eta guzti. Kantuan egin ziote harrera herriko neska-mutikoek. Behin herriko plazara iritsita eseri eta neska-mutikoen gutunak jasotzen hasi zen. Gozokiak ere banatu zituen Olentzerok. Hori guztia abendurako guztiz ezohikoa den tenperatura eta giro batek lagunduta.
Gabon kantak
Gaur goizean, berriz, Gabon kantuak abesteko eguna izan da. Guraso elkarteak antolatuta talde polita abiatu da herri eskolatik 10:00etan. Bi orduko buelta egin dute eta eguerdirako plazan ziren guraso elkarteak prestatutako salda eta txorizoa dastatzeko.
Bihar, Olentzerok ekarritako jostailuak eta opariak izango dira protagonista!