1.603.766 euroko aurrekontua onartu zuen atzo, Elgetako udalbatzak. Iaz egindako gastuarekin alderatuta dezente txikiagoa da, ia 750.000 euro gutxiago. Nagusiki inbertsioen atalean estutuko du gerrikoa Udalak, bertan 660.000 euroko murrizketa eman baita. Dena den, aurreikusten da inbertsiorik —ikusi koadroa—.
Oxel Erostarbe alkatearen esanetan onartutako aurrekontuarekin: "Babesa emango diegu gaizkien pasatzen ari direnei aukera izango dutelako euren egoeraren arabera zerbitzu guztietan beherapenak izateko, eta aurreratu ere herriko elkarteek, orain arte moduan, Udalaren babesa izango dutela. Zerbitzu guztiak mantendu ditugu, eta egoera ekonomikoa horrelakoa izanda ere garrantzia emango diegu inbertsio txikiei, eta batez ere, daukaguna ondo mantentzeari".
Elgetako EAJren babesa
Elgetako EAJ gustura agertu da onartutako aurrekontuarekin. Inbertsioetan dirulerro garrantzitsuenetako bat Patxi Basauri buru duen turismo alorreko ibilbide tematikora bideratu dute. "Udal gehienetan bezala hemen ere sos justuak daude, baina nik uste dut planteamendua nahiko ondo eginda dagoela. Inbertsioak ere sartu dira, batzuk nahiko potentea, eta ibilbide tematikoarendako egindakoa aipatuko nuke".
Bildu aurrekontuaren aurka
Bildu, aldiz, oso kritiko agertu da aurrekontuarekin, eta kontrako botoa eman dute hiru zinegotziek. Hondakinen gaiarekin kontsulta eskatzen den moduan, aurrekontuarekin ere herriari galdetzeko eskatu dute. Adierazi dute ez direla aurrekontuaren parte sentitzen, eta desadostasuna azaldu dute alkatetzako soldata igoerarekin, udal webgunearen mantenu kostuarekin, ziburuak berritzeko dirulerroarekin, eta oro har aurrekontua definitzeko udal gobernuak izan duen jarrerarekin.
"Aurkeztu ditugu herrian apurtuta dauden eta hobetzeko beharra duten hainbat guneren argazkiak", azaldu du Bilduko bozeramaile Janire Lazkanok. "Guretzako obra berriak, Asentzion txalet bat erosteak edo egitura berriak sortzeak ez du hainbesteko garrantzirik. Uste dugu Elgetak badituela azpiegiturak eta guk beti egin dugu horiek mantentzearen alde. Ikusi dugu aurten pixka bat abandonatu egin dela herria proiektu handiei inportantzia handiegia eman zaielako".
Plenoko bestelako erabakiak
Aurrekontua onartzeaz gain atzoko plenoan bestelako erabakiak ere hartu ziren. Elgetako udalak bidea emango dio guifi.net proiektuari, eta proba epea amaituta beste urtebetez ariko da Aner Fernandez udaletxeko zereginetan. Elgetako udalak, bestalde, bat egin du urtarrilaren 12an euskal presoen eskubideen alde Bilbon egingo den manifestazioarekin.