Aste bukaeran murgilduko gara Gabon jaietan, eta nabari izango da hori; izan ere, ekitaldi ugari daude iragarrita barikutik —abenduak 21— aurrera.
San Tomas eguna, barikuan
Barikua egun berezia izango da, bereziki eskolako umeendako. Goizean, Mari Domingiren bisita izango dute. Olentzeroren prestaketa lanen berri emango die neska-mutikoei. Egun berean, txistorra goxoa dastatzeko aukera izango dute ikastetxean.
Herri mailako ekintzei dagokienez, arratsaldean hasiko dira. Urtero moduan, herritarrak gonbidatuta daude Bergarako Mizpirualde egoitzan dauden elgetarrei bisita egitera. Taldea 15:00etan abiatuko da Bergararantz plaza barrenetik.
17:30etik aurrera, berriz, pilotak hartuko du protagonismoa Elgetan. Umeen txapelketako partiduak izango dira lehenengo, eta 19:00etan Beteranoen Txapelketako finalaurrekoak.
Gabon bezpera, domekan
Olentzero 18:00etan jaitsiko da Intxortatik Elgetako neska-mutikoekin elkartzeko. Aurretik, guraso elkartearen eskutik txokolate-jana egongo da plazan. Goizean, jostailu truke azoka egingo du Udalak. Interesatuek abenduaren 21era arteko epea dute elkartrukatu gura dituzten jostailuak ludotekara edo liburutegira eramateko. Txartel bana jasoko dute, gero azokan jostailu berri baten truke aldatzeko. Elgetan kantuan ekimenaren bigarren saioa ere Gabon bezperan egingo dute.