Urtarriletik aurrera abiaraziko dituzte, atzera ere, Domingo Iturbeko lanak

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko abenduaren 13a

Eskola Kontseiluko kideen aurrean eman zuen jakitera Oxel Erostarbe alkateak.

Aspaldi honetan geldirik daude Domingo Iturbeko lanak, eta eskolak jolastoki egokirik gabe jarraitzen du. Atzo egindako Eskola Kontseiluan alkateak adierazi zuen urtarrilean abiaraziko dituztela, atzera ere, lanak. Herri eskolako irakasle eta guraso ordezkariei azaldu zien Udala Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren ebazpen baten zain egon dela; 317.000 euroko dirulaguntza, hain zuzen ere. "Kopuru garrantzitsua da", esan zuen, "lanen aurrekontuaren herena inguru. Horregatik, jasoko genuela konfirmatu gura genuen". Ebazpena abenduaren 28an argitaratuko du Eusko Jaurlaritzak, eta orduan izango da erabaki ofiziala.

Egiteko daudenak

Hormigoizko horma eta harmailak egitea, gune osoa urbanizatzea, frontoi zaharra barrutik amaitzea, eta eskolako ortua egitea falta dira nagusiki. "Asmoa da lehenengo eta behin horma egitea, eta gero lanak barrutik kanpora egingo dira", esan zuen Erostarbek. "Frontoia eta aurreko aldea egingo dira lehenengo, hala haurren jolastokia prest egon daiteke nahiz eta beharginek harmailak egiten jarraitu".

Negua izanik epeak ematea arriskutsua dela esan zuen Erostarbek, baina aurreratu zuen espero zuela lanak ikasturtea amaitu aurretik bukatuta egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak