Korrika batzordea eratzeko dei egin dute; batzarra eguenean da

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko abenduaren 11

Korrika 18 ez da Elgetatik pasako; Debagoienetik gabaz pasako da martxoaren 20-21 artean.

Martxoaren 14tik 24ra bitartean zeharkatuko du Euskal Herria Korrikaren 18. edizioak; Andoainen hasi da eta Baionan amaituko da. AEK-k herriz herriko korrika batzordeak eratzeko lanean dihardu. "Argi dugu AEK- antolatzen duela, baina herriak egiten duela Korrika", esan du gaur AEK-ko Oskar Elizburuk Arrasate irratian.

Elgeta ibilbidetik kanpo

Aurten, gabaz zeharkatuko du Debagoiena Korrikak, eta ez da Elgetatik pasako. Bergaratik —Elosu— sartuko da Korrika 18 Debagoienean; martxoaren 20-21 gauean. Ibilbidea izango da Bergara, Antzuola, Zumarraga, Udana, Oñati, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Gatzagatik Araba aldera egingo du. Hortaz, Elgeta eta Aramaio ibilbidetik kanpo geldituko dira aurten. "Lan estra egin beharko dugu", adierazi du AEK-ko Maite Ilarduiak. "Korrika txikia bultzatu beharko dugu umeek parte har dezaten. Korrika berotze lanetan Korrika kulturala ere indartu beharko dugu".

Korrika Batzorde irekia, eguenean

Eguenerako, hilak 13, deitu dute lehenengo Korrika batzordea Elgetan. 18:00etan egingo dute udaletxean. "Batzordeak dira herritar orok parte har dezan Korrikaren berotze lanetan, eta herrian Korrika zabaltzeko", azaldu du Maite Ilarduiak. "Norberak nahi duen konpromisoa hartzen du: apainketak lanetan lagundu, diru-bilketan lagundu, Korrika lagun egin, Korrika kultura antolatu herrian… Herritarrek zein herriko talde eragileek euren aletxoa ipini dezakete".

Hala, herritar oro dago gonbidatuta egunean udaletxean egingo den Korrika batzordera. Bertan Korrikaren lema, ibilbidea eta abarren gaineko informazioa jasoko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak