Elgetako udal ordezkarien artean hautsak harrotu zituen otsailean Asentzioko hezegunea berreskuratzeko proiektuak. Geldirik egon da orain arte, baina atzoko osoko bilkuraren ondotik lanok aurrera egingo dute. Hori bai, urtea bukatu orduko amaitu beharko ditu Udalak.
Lursail baten erosketa
Etxe eta guzti Gure Borda osteko lursaila erosiko du Udalak. Prezioa 108.183 euro da. Erosketa gauzatutakoan Eusko Jaurlaritzako Ihobe agentziak diruz lagunduta biodibertsitatearen garapenean laguntzea helburu duen harrizko horma altxatuko dute Gure Bordaren eta erositako lursailaren ondoan. "Zuhaitz autoktonoak ere landatuko ditugu bai lursail horretan, bai Udalak Asentzion daukan beste batean", adierazi du Oxel Erostarbe alkateak.
Abendua izango du Udalak lanok egiteko, izan ere urtea amaitu aurretik bukatuta ez badaude Eusko Jaurlaritzako Ihobe Ingurumen agentziaren dirulaguntza galtzeko arriskua dago; 168.456 euroko dirulaguntza, hain zuzen ere.
Erabakia udal gobernuaren eta EAJko botoen babesarekin atera da aurrera. Bilduko ordezkari Janire Lazkanok plenoan adierazi zuen ez daudela proiektuarekin ados, eta azkenean korrika eta presaka egingo direla lanok.
Lanen atzerapenari dagokionean alkateak azaldu du udal gobernuaren konpromisoa zela Domingo Iturbeko lanen finantzazioa argitu arte Asentzioko proiektuarekin ez hastea. Bestalde, tarteko izan da erositako lursailaren jabearen heriotza.