Epaimahai ofizialak Maialde Hotelari eman zion Elgetako V. Pintxo lehiaketako saria, eta Herritarren saria ere Maialde landetxeak irabazi du. Bi aste bukaeratan egon da botoa emateko aukera, eta tabernetan emandako botoen %36,61 jaso du Jesus Mari Kalboetxeaga gertatutako pintxoak.
Maialde landetxean pozik hartu dute albistea. "Errekonozimendu bat da, eta asko eskertzen da", adierazi du Kalboetxeagak. "Lehiaketara aurkezten ditugun pintxoak, azken finean, gure lanaren erakusgarri dira. Ez dut ukatuko lehiaketa izanik mimo eta atentzio berezirik ipintzen ez dugunik, baina larregi konplikatu barik. Publikoari pintxoa gustatu bazaio, horrek esan gura du gure lana gustatzen zaiola, eta azken finean, hori da gure helburu nagusia."
Herritarren sarian parte hartu dutenen artean bi lagunendako otordua eman du opari Maialde landetxeak, eta irabazlea Fernando Olaortua izan da. Ordezkoa, berriz, Jose Mari Untzetabarrenetxea da.
Udaletxetik Pintxo lehiaketaren balorazio positiboa egin dute. "Eguraldiak ez lagundu arren elgetarrek erantzun egin dute", adierazi du turismo batzordeko burua den Patxi Basaurik. Hurrengo urtera begira pintxo lehiaketarekin jarraitzeko asmoa agertu du.