Liburuzainaren agurra

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko azaroaren 24a

Etapa berri baten atarian da Maria Elena Eztenaga. Laster, denbora libre luzeagoa izango du, baina ez dago pozez zoratzen. Gustuko lana ez omen da lana, eta Eztenagak gustuko izan du beti bere zeregina.

Hil amaieran hartuko du erretiroa, eta aurreikusten du 34 urteren ostean mahairen beste aldean egoteak aldaketa handia ekarriko duela. "Hasieran ez dakit nola moldatuko naizen", onartzen du. "Ohituta nago egunero etortzen, gazteekin egoten… eta bizipoz handia da hori". Baina alde onak ere baditu erretiroa hartzeak. "Asko gustatzen zait atzera eta aurrera ibiltzea, eta orain ez dut loturarik izango aste bukaera han edo hemen luzatzeko". 

Hasiera gogorra 

Azken urteotan arratsaldero zabaldu du liburutegia Eztenagak. Apaletan 12.000 liburutik gora daude, eta erabiltzaileak 320 bat dira. Wi-fi gunea da, Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegien sarean dago, eta bi ordenagailu ditu herritarren erabilerarako. Baina zerbitzua ez da beti hain oparoa izan; duela 35 urte ez zegoen liburutegirik Elgetan, eta guraso talde batek —Eztenaga tarteko— ahalegin handia egin zuen herriarendako zerbitzu hori lortu arte.  "Hutsetik hasi ginen, eta gogoan dut nola ibili ginen Mari Coro Retolatza eta biok herriz herri liburutegiak bisitatzen", azaltzen du. "Gauzak forma hartzen hasi ziren Udalak lokala eskaini zuenean. Posible izango zela ikusi genuen". 

Hainbat erakunderen dirulaguntzei eta liburu dohaintzari esker, udaletxeko lehenengo solairuan zabaldu zuten Elgetako lehenengo liburutegia. "Liburu gutxi genituen, eta gogoan dut nola bi pezetako isuna ipintzen genuen jendeak liburuak berandu entregatzen bazituen. Eta diru harekin liburu gehiago erosten genituen", gogoratzen du Eztenagak.

Teknologia berriak 

Orain dela 25 urte, 1987an inauguratu zuten kultura etxea, eta bertan hartu zuen behin betiko egoitza liburutegiak. Arrakasta handia izan zuen fonoteka zerbitzua ere zabaldu zuten. Baina teknologia berrien etorrerak beste inflexio puntu garrantzitsu bat ekarri zuen. Fotonoteka zerbitzuak zentzua galdu zuen, eta liburuzainaren lana asko aldatu zen. "Lehen, guztia eskuz egiten genuen", dio Eztenagak. "Orain, edozeinek du Internet, eta hiztegiak eta entziklopediak apenas mugitzen dira apaletatik. Etxetik ikus daiteke liburutegietan zein liburu dauzkagun, mailegatuta dauden… mundu berri bat da, baina, edozelan ere, irakurzaletasuna hor dago".

-----------------

Liburutegiak ordutegi berria

Aldaketa sasoia da Elgetako liburutegian, eta Udalak ordutegia murriztea erabaki du. Aurrerantzean, liburutegi zerbitzua 16:30etik 19:00etara egongo da zabalik astelehenetik barikura bitartean. Geaxi Ezpeleta elgetarrak hartuko ditu astelehenetik aurrera —azaroak 26— Maria Elena Eztenagaren ardurak. Arrasateko liburutegian jardun du lanean Ezpeletak, eta ezagutzen du Elgetako liburutegia. Praktikak egin zituen bertan duela urte gutxi batzuk.

-----------------

Hutsetik jaiotako liburutegiak, laster 35 urte

1978ko uztailean zabaldu zen Elgetako Udal Liburutegia. Udaletxeko beheko solairuan kokatu zuten, eta hamar urte egin zituen bertan. Hasiera gogorra izan zen. Baliabideak eta liburu eskaintza eskasak ziren hasieran; liburutegia astean hiru ordu egoten zen zabalik, astelehen, eguazten eta barikuetan, 19:00etatik 20:00etara. Hurrengo inflexio puntu garrantzitsua 1987a izan zen. Udalak kultura etxea inauguratu zuen, eta bertara pasa zuten Udal Liburutegia. Fotonoteka zerbitzua ere zabaldu zuten. Urte hartan 2.803 liburu-mailegu egin ziren. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak