Etapa berri baten atarian da Maria Elena Eztenaga. Laster, denbora libre gehiago izango du, baina ez dago pozez zoratzen. Gustuko lana ez omen da lana, eta Eztenagak gustuko izan du beti bere zeregina.
Elgetako liburutegia, gaur egun, arratsaldero zabaltzen du Eztenagak. 12.000 liburutik gora ditu, eta erabiltzaileak 320 bat. Wifi-gunea da, Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegien sarean dago, eta bi ordenagailu ditu herritarren erabilerarako.
Zerbitzua ez da beti hain oparoa izan. Duela 35 urte ez zegoen liburutegirik Elgetan eta guraso talde batek, Eztenaga tarteko, ahalegin handia egin zuen herriarendako zerbitzu hori lortu arte. Elgetako lehen liburutegia udaletxean zabaldu zen hainbat erakunderen diru-laguntza eta liburu dohaintzari esker. Astean hiru ordu egoten zen zabalik. Orain 25 urte, 1987. urtean, pasa zuten liburutegia gaur egungo egoitzara. Kataia kultura etxea egin zuten, eta liburutegiarekin batera fonoteka zerbitzua ere zabaldu zen.
Azken urteotan asko aldatu dira gauzak. Teknologia berriek izugarri aldatu dituzte liburutegian lan egiteko modua, zein erabiltzaileen ohiturak. Maria Elena Eztenagak azaroaren 29an du azken lan eguna. Ordezkaria nor izango den ere erabaki du Udalak, Geaxi Ezpeleta elgetarra, hain zuzen ere. Ezpeleta azaroaren 26an hasiko da lanean, eta bi liburuzainak batera jardungo dute aste betean.