Lau ordu eta bederatzi minutuko denbora egin zuen Kortazarrek eta, horri esker, lasterketako lehenengo hogei sailkatuen artean amaitu zuen, emakume mailan lehenengo geratzeaz gain. Emakumeen artean bigarren postua Uxue Fraile donostiarrak lortu zuen, Kortazar baino sei minutu beranduago helmugara helduz.
Nazioarteko onenak
Patagoniako Villa La Angosturan ospatutako K42 lasterketan, mundu osoko korrikalari onenak batu ziren, eta Argentinako proba zirraragarria izan zen lehenengo minututik.
Aurtengoa hamargarren edizioa izan da eta emakumeen artean Kortazar zen proba irabazteko faboritoa. Azken orduan Anna Frost korrikalariak kale egin zuen arazo fisikoak zirela medio, eta hori ondo baino hobeto aprobetxatu zuen Ohiana Kortazarrek podioko lehen postua lortzeko. Euskaldunak Patagoniako erreginak bihurtu ziren zapatuan.