Giro bikainarekin egin dute gaur gaztaina-erre jana Elgetan, eta eguraldiak asko lagundu du urterokoa den ospakizunean. Urteroko hitzordua da eskolako umeendako eta aurtengoan ere 20 kilo gaztaina jan dituzte ikasleen, irakasleen, gurasoen eta plazan elkartutako gainerako herritarren artean.
14:00etan sartu dituzte lehenengo gaztainak danbolinean, eta eskolako haurrak Herriko plazara irten direnerako gertu zeuden. Egunkari paperekin egindako txurruak ekarri dituzte eskuan haurrek, baina lehenengo egitekoa abestea zen. Irakasleek borobilean ipini dituzte haurrak, eta nagusienek txirula jo duten bitartean, txikienek hainbat abesti kantatu dituzte. Amaitu bezain laster osatu dute ilara.
Harrera ona izan dute gaztainek, izan ere Guraso elkarteak ordubetean banatu ditu hogei kilo. Eguzkipean ondo egoten zen plazan, eta haurrak dantzan ere egin dute udaletxetik ipinitako musikaren erritmora.