Inor erroldatuta ez duten 126 etxebizitza daude Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko azaroaren 16a

Herrian dauden etxebizitzen %21 da; Udalak igo egin du etxebizitza horien gaineko zerga.

Elgetako Udalak %150 garestiago kobratuko du Ondasun Higiezinen gaineko zerga 2013an. Neurria ez da isolatua, izan ere, gero eta udal gehiago ari dira antzerako neurria hartzen ofizialki hutsik dauden etxebizitzak bai alokairuan bai salmentan merkaturatzera bultzatzeko. Udalak, zentzu horretan, desberdindu egiten du etxebizitza hutsik egotea, edo bertan inor erroldatuta ez egotea.

Zerga igoerak udal gobernuko eta Bilduko ordezkarien babesa izan zuen urrian egindako osoko bilkuran. Alderdi jeltzaleko bi zinegotziak beste iritzi batekoak dira, eta ez zuten neurria babestu; ez dute uste zerga igoerak etxebizitza horiek merkatura ateratzeko eragina izango duenik.

126 etxebizitza hutsik

Udalak emandako datuen arabera 596 etxebizitza daude Elgetan, eta inor erroldatuta ez dutenak 126 dira; %21, hain zuzen ere. Etxebizitza beharrari dagokionean, berriz, Bizigune programatik jakitera eman dutenez uneotan 18 lagunek eskatu dute programa horren bidez etxebizitza Elgetan. Miren Argi Zeziaga da Suradesako teknikaria Elgetan, eta berak kudeatzen du Bizigune programa herrian. Astelehenero egoten da udaletxean, 09:00etatik 10:00etara.

Eusko Jaurlaritzak, bestalde, ASAP programa du abian non etxejabeak eta errentariak harremanetan jartzen dituen. Berme jakin batzuk eskaintzen zaizkio bai etxejabeari bai maizterrari.

Jakinarazpena etxera

Inor erroldatuta ez duten 126 etxebizitzetako jabeek Udalaren jakinarazpena jasoko dute Ondasun Higiezinen gainerako zergaren igoeraren berri emanez. Zergaren %150eko igoera ez da aplikatuko baldin eta etxebizitza horretan pertsona bat erroldatzen bada, edo etxejabeak eguneratutako alokairu kontratu bat aurkezten badu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak