Behobiako onena, Argentinara

Xabier Urtzelai 2012ko azaroaren 15a

"Patagoniako maratoia lasterketa azkarra da, eta Behobia-Donostia lasterketa aprobetxatu nahi nuen abiadura lantzeko. Ez nuen lasterketa irabazterik espero, baina honek indarra ematen du. Gainera, konturatu naiz jende askok animatu nauela, jendeak mendi lasterketak jarraitzen dituen seinale". Oihana Kortazarren adierazpenak dira, joan den domekan. Elgetakoak ez du atsedenik hartzeko tarte handirik izan, astelehenean bertan abiatu zen-eta Argentinarantz, urteko hitzordu nagusietako baten esku hartzera: Salomon K42 Adventure Marathon lasterketan, hain zuzen ere.

Patagoniako lasterketa K42 serieen barruan final handia izango da, urtean zehar, besteak beste, Kanarietan, Frantzian, Brasilen, Txilen eta Perun korritu ostean –munduko bost kontinenteetatik lauk dute K42 serieko lasterketa bat. Hala, antolatzaileek baieztatu dute mundu mailako puntako atletak batuko direla Villa La Angosturan.


Kortazarrekin batera lasterketan izango dira Kasie Enman (AEB), Anna Frost  (Zeelanda Berria), Rickey Gates (AEB), Miguel Heras (Espainia) eta Zhanna Vokueva (Errusia) puntako atletak, baina guztiek ere ondo dakite Argentinan etxeko atletak direla faborito: lasterketako bost edizio irabazi dituen Gustavo Reyes eta 2009 eta 2011ko edizioak irabazi zituen Cristian Mohamed, hain zuzen ere.

Kilian eta Marlen, bakarrak

Esan bezala, sailkapen historikoak erakusten du txapela etxean geratu izan dela, ia beti. 2010ean Kilian Jornet (3:08:31) bilakatu zen lasterketa irabazten zuen lehen kanpotarra –eta errekorraren jabe–, eta iaz, emakumezkotan, Txileko Marlene Flores gailendu zen (4:11:11). Ikusteko dago lasterketaren hamargarren edizioan nork ematen duen ezustekoa. Zapatuko lasterketak 42 kilometro izango ditu, eta 4.380 metroko desnibel metatua. Hala, korrikalariek Cerro Bayo (1.782 metro) mendian aurkituko dituzte malda gogorrenak, hain zuzen, lasterketako 23. kilometrotik 28. kilometrora arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak