Mugarri Eguna egingo da lehenengo aldiz Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko azaroaren 15a

Domekarako hiru bat orduko irteera antolatu du Udalak Asentzio eta Burdiñua arteko mugarriak ezagutzeko.

Domekan, hilak 18, egingo da I. Mugarri Eguna. Nerea Villa aritu da —hainbat herritarren laguntzarekin— herriko mugarrien inguruan dokumentu bat eguneratzen. Informazio hori jasota dago orain argazki, kokapen eta mugarrien ezaugarriekin batera. 40 bat mugarri daude lokalizatuta. Domekako irteeran Asentzio eta Burdiñua arteko mugarriak erakutsiko dituzte. Herritarrei egiten zaien proposamena da 09:30ean Herriko plazatik abiatzea, edo 09:45ean Asentziotik.

Bost mugarri

Domekako lehenengo geldiunea Asentzio izango da, izan ere, ermita atzean aurkitzen da mugarri bat. Jarraian, Iturutz, Etxaurria, Otegi eta Burdiñoagako mugarriak bisitatuko dira. Azken horrek hiru udalerriren arteko muga finkatzen du; Arrasate, Elgeta eta Elorrio artekoa, hain zuzen ere.

Antolatzaileek aurreikusten dute hiru bat orduko ibilbidea izango dela, eta eguraldi txarra bada antolatzaileek ez dute irteera atzeratzeko aukera baztertzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak