Sorreratik dihardu Goiena Komunikazio taldean. Telematika alorrean jardun zuen, gero ikus-entzunekoetako zuzendari eta azkenekoz Antolaketa zuzendaria izan da. Kontseilu sozialeko kide izan zen hasieran eta baita, ondoren, kontseilu errektoreko kide ere. Inazio Arregi, 2001etik 2012ko urrira arte izan da Goienako zuzendari nagusi. Gaur egun, Tokikom elkarteko zuzendari nagusia da. Euskarazko tokiko hedabideak batzen dituen enpresa da Tokikom.
Aurrekoaren "lan ona"
Iban Arantzabalekin elkarrizketa sakona egingo dugu hurrengo asteko Goiena paperean zein telebista eta Interneten. Hala ere, adierazi du erronka handia dela eta aurreko zuzendari nagusiarengandik ikasitakoak praktikan jartzea gura lukeela. "Iñaziok egindako lana ona izan da eta gaur dugun enpresa eraginkorragoa eta profesionalagoa da Goiena" esan digu Arantzabalek.
Lan-talde profesionala
"Gurako nuke makilatxo magiko bat izan, baina ez enpresa honetan ez gehienetan ezin du ezer egin zuzendariak bakarrik. Lan-talde profesionala dugu Goienan eta benetako balorea horixe da gurean: pertsonak. Denon artean lortuko dugu hobekuntzak egitea eta zerbitzu duina eskaintzea gure irakurle, ikusle eta entzuleei".
Iban Arantzabal euskalgintzan ezaguna dugu aspalditik eta herrian bertan zein Goienan ordu asko eman dizkio euskarari eta bereziki komunikazioari. Aho batez onartu zuen izendapena udaletako ordezkari, euskara elkarte eta Goienako bazkideez osatutako Goienako Errektore Kontseiluak. Lankideok onena opa diogu.