Juan Manuel Arruabarrenaren margo erakusketa dago ikusgai Espaloian

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko azaroaren 13a

Soraluzekoak bost bat margolan ditu ikusgai Espaloian abenduaren 9ra arte.

Urte asko daramazu margolari lanetan?

30 bat urte. Eskopetetan grabatuak egiten hasi nintzen. Gero, ateak, leihoak, hormak, eta abar margotzen. Baina bestelako lanak agertzen hasi ziren: horma-irudiak, margolan txikiak... eta ikastaroak egiten hasi nintzen. Apurka-apurka, teknika berriak ezagutzen eta erabiltzen hasi nintzen. Ez da nire ogibidea, baina bai afizio handi bat.

Tamaina handiko lanak ekarri dituzu Espaloira, eta abstraktuak.

Bai. Aretoak oso dekorazio modernoa du, eta margolan aproposenak horiek direla pentsatu dut. Ez dut errealismorik egiten, ez zait kopiatzea gustatzen. Askoz gehiago erakartzen nau testurekin eta formekin lan egitea. Natura bada inspirazio iturri, baina ikerketarekin eta esperimentazioarekin gozatzen dut. Gauza batek bestera eramaten zaitu, eta askotan inora heltzen ez banaiz ere, entretenigarriagoa egiten zait ariketa hori.

Antzokian ipinitako erakusketarekin sentsazioak sortu gura dituzu ikusleengan.

Hori da. Inpaktu bisualaren bitartez sentsazioak sortzea da helburua. Nire lanak asko du intuiziotik, eta irudimenetik. Formatu handiko lanak dira, eta mota guztietako materialak nahasten dira bertan: hondarra, makilak, papera...

Denbora luzea eskaintzen diozu zaletasun honi?

Ahal dudan guztia, eta gero eta gehiago. Ondo sentiarazten nau, lasaitasuna ematen dit. Dibertigarria eta entretenigarria egiten zait, eta irudimena lantzeko aukera ematen dit.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak