Pintxo eskaintza berezia izango dugu domekan. Elgetako V. pintxo lehiaketa egongo da jokoan, eta herriko tabernariek bina pintxo aurkeztuko dituzte lehiaketara. 13:00etan aurkeztuko dituzte pintxoak udaletxeko arkupean, eta, epaimahaiak baloratu ostean, antolatzaileek irabazlearen establezimenduan egingo dute sari banaketa, 14:00etan. Jainaga eta Narbaiza trikitilariak ere Elgetan izango dira; eguerdiko txikiteoa girotuko dute.
Aurten lehenengo aldiz herritarrek ere izango dute zer esana lehiaketan. Taberna bakoitzeko pintxo onena euro baten truke dastatu ahal izango da azaroko azken bi domeketan, eta gura duenak botoa emateko aukera izango du. Publikoaren saria azaroaren 25ean banatuko dute, eta botoa ematen dutenen artean bi lagunendako afaria zozkatuko du Turismo batzordeak.