Bigarren saiakeran lortu dute Zubillagako suhiltzaileek Lapurdi ondoko zuhaitzean agertutako liztor asiatikoaren erlauntza erretiratzea. "Kamioia sartzen saiatu ginen berriz, baina ez genuen lortu", adierazi dute. "Azkenean eskailera txiki batekin iritsi ginen zegoen tokiraino eta horrela erretiratu genuen".
Eguazten iluntzean egin zuten lana. "Iluntzean egiten ditugu horrelakoak", esan dute suhiltzaileek. "Orduan daude-eta liztorrak motelen". Lapurdi baserriko Roberto Basaurik ez zen suhiltzaileekin gurutzatu. "Eguaztenean 18:00ak aldera arte egon nintzen baserrian, eta ez nituen ikusi. Hurrengo goizean, berriz, desagertuta zegoen erlauntza".
Suhiltzaileek adierazi dutenez ez da ohikoa Elgeta inguruan liztor asiatikoaren erlauntzak agertzea. "Erretiratu dugun lehenengoa izan da. Horrelakoak gehiago agertzen dira Irun aldean". Erlauntza Zubillagako suhiltzaileen parkera eraman zutela adierazi zuten, eta bertan erre egin zuten.