Azaroaren 30ean hartuko du erretiroa Elgetako udal liburutegiko arduradun Maria Elena Eztenagak, eta Udala ordezko bila dabil. Urriaren 30ean egindako azterketara 30 lagun aurkeztu ziren, tartean Elgetan bizilekua duten zortzi lagun.
Udalak elgeta.org webgunean eman du emaitzen berri, eta nota altuena Geaxi Ezpeleta elgetarrak lortu du. Bigarren nota altuena beste elgetar batek atera du; Nerea Villak, hain zuzen ere.
Proban bizilekua, ikasketa maila, esperientzia, programen ezaguera, eta azterketaren emaitza baloratu dira. Ezpeletak puntuazio altuena lortu du lehenengo lau ataletan, eta berak egin du azterketa onena; 37 puntu lortu ditu, hain zuzen ere.