Cayetano Amenabar (zarrabetea), Sergio Cobos (soinua eta perkusioa) eta Xandre Outeiro (zarrabetea eta perkusioa) musikariek osatzen dute A maquina de bailar taldea. Eskarmentu handiko musikariak hirurak, Elgetara etorriko dira asteburuan, gonbidatuta.
Dantzarako musika joko dute, ondo pasatzeko: Galiziako, Euskal Herriko eta Europako beste lurralde batzuetako dantzak, balsak, jotak, muñeirak, eskotixak, polkak, mazurkak, chapelloise eta borobilak... Eta Europa mendebaldeko folklorean eta folk-dantzetan ohikoa den baina gurean ia erabiltzen ez den zarrabetea (edo zanfona) musika tresna goxoa, zuzenean dantzarako entzuteko aukera izango da.
Sarrerak hamar euro balioko du.
Dantza tailerra domekan
A maquina de bailar taldeko partaideetako bat, Sergio Cobos, musikaria ez ezik, dantza-maisua eta dantza biltzailea ere bada. Galiziarra izatez, Portugaleko Alentejon bizi da azken urteotan, eta bertako folklorea eta dantzak ikertu eta jotzeko aukera izan du.
Bada, bere bisita aprobetxatuz, domeka goizean valsas mandadas dantzak erakutsiko ditu.
Valsas mandadas deiturikoak Alentejoko Grandola eskualdean gorde diren dantza bitxiak dira. Bikoteka, korroan jarrita eta bals doinu batekin, gidari batek agintzen ditu urratsak, inprobisatuta. Neurri batean, Iparraldeko jauziekin antzekotasuna gordetzen dute, itxura bertsuko sistemak baitira.
Dantza bitxi horiek ezagutu eta probatu gura dituenak domekan, azaroak 11, izango du aukera, 11:00etatik 13:00etara, Espaloian. Kasu horretan ere, sarrerak hamar eurotan salduko dira.
Dantza tailerrean parte hartzeko aurrez eman behar da izena; barikua da azken eguna. Taldea osatzen bada, aurrera egingo dute ekimenarekin; bestela, bertan behera utziko dute eta sarrera ordaindu dutenei dirua itzuli. Bi bide daude izena emateko: www.herrixadantzan.com webgunean edo herrixadantzan@gmail.com helbidera idatzita.