Atzoko osoko bilkuran onartu ditu Elgetako udalbatzak 2013ko ordenantza fiskalak. Orokorrean, %3 egingo dute gora Udalak herritarrei kobratzen dizkien tasak eta zergak.
Zaborren gaineko zerga %3ko igoera izango dutenen artean aurkitzen da, azkenean. Zerbitzu horren kostua handiagoa izango da, baina kostu erreala ez da Mankomunitateak zerbitzua esleitzen duen arte ezagutuko. "Otsaila-martxo aldera izango da hori. Orduan erabaki beharko dugu igoera Udalak hartuko duen bere gain edo herritar bakoitzari dagokiona kobratuko diogun", esan zuen osokoan Oxel Erostarbe alkateak. Zerga honi dagokionean 2013an %25eko deskontua izango dute autokonposta egiten duten herritarrek.
Zerbitzu publikoak
Udal tasek ere, orokorrean, %3 egingo dute gora. Salbuespena dira kirol zerbitzuetako tasak zein zaintza-ludoteka-gazteleku zerbitzuak. "Kirol zerbitzuko tasetan BEZ %8tik %21era igo da. Igoera hori, 2013an, ez diegu erabiltzaileei aplikatuko", esan zuen Erostarbek.
Gainerakoan, orain arteko hobari guztiak mantenduko ditu Udalak. Tasen arloan nabarmendu behar da hilerriko zerbitzuak %8,52 egingo duela gora. Prezioa, 2013an, 191 euro izango da.
Etxebizitza hutsak
Alderdi guztien aldeko botoekin onartu dira 2013ko ordenantza fiskalak. Salbuespena hutsik dauden etxebizitzei %150ko errekargua aplikatzeko proposamena izan da. Gobernu taldea eta Bildu neurri horren alde agertu dira, ez ordea EAJko bi zinegotziak. "Ez dugu pentsatzen neurri horrek etxebizitza salmenta edo alokairu bultzatuko duenik", esan zuen EAJko zinegotzi Patxi Basaurik.
Beste iritzi batekoak dira Oxel Erostarbe alkatea, eta Bilduko ordezkari Janire Lazkano. "Gure iritzia da eragingo duela", esan zuen Erostarbek. Lazkano adierazkorragoa izan zen. "Iniziatiba ona da", esan zuen. "Argi dago bestelako ekimen batzuk ere sustatu beharko ditugula, baina gaur egun bi etxebizitza eduki, eta bat itxita mantentzea luxu bat da".
Elgetan inor erroldatuta ez duten ehun bat etxebizitza daudela kalkulatzen dute udaletxean, eta kezkatuta daude egoera txarrean dauden higiezinekin.