Egunotako ospakizunetan Elgetako hilerrira joaten diren herritarrek aldatuta aurkituko dute San Roke ermita. Maria Teresa Telleriaren ekimenez txukuntze lan garrantzitsuak egin dira bertan, eta emaitza begi bistakoa da. "Etorri eta pena handia hartu nuen ermita zein egoeratan zegoen ikusita", azaldu du Telleriak. "Teilatua belarrez josita zegoen, itoginak zeuden ermitan, farolak ere ugertuta zeuden, eta margolanak hautsez beteta... Oso zoriontsua izan naiz Elgetan, eta hilerri honetan asko maitatu ditudan pertsonak daude: aita, ama, izeba-osabak... eta herritar asko. Jende on asko! Horregatik, txukuntze lanak egiteko baimena eskatu nuen".
Esan eta ekin. Iraileko osoko bilkuran eman zuen Udalak lanok egiteko baimena, eta Domu Santuko ospakizunetarako gertu egongo da ermita. Teilatua garbitu eta konpondu, eta kainuak berritu egin dituzte. Barnealdean, berriz, garbiketa lan sakona egin dute. Horrez gain, horma guztiak margotu, eta argia ematen duten sei farolak berritu dituzte. Hezetasunaren aurkako tratamendua eman diete, eta beltzez margotu dituzte.
Margolanak ere badaude San Roke ermitan; bost, zehatz esanda. Hezetasunak asko kaltetu ditu, tartean Pablo Uranga margolari ezagunaren San Roke koadroa. "Hautsa kendu, eta markoak berritu ditugu", esan du Telleriak. "Orain, itxura hobea dute".
Telleriarendako laguntza handikoa izan da Benedikta Bergaretxe. Garbiketa lanetan asko lagundu dio. "Ermita oso ondo gelditu da. Egia esan, bazuen txukuntzeko premia!", adierazi du Bergaretxek. "Nik dakidala, ermita honetan ez da 30 urtean inolako lanik egin, eta egoera txarrean zegoen".
Meza, Arimen Egunean
Txukundu dute ermita; loreak ere ipini dituzte Telleriak etxetik propio eramandako bi trofeotan. "Gizonak bere egunean irabazitakoak dira", esan du, harro. Arimen Egunean, azaroaren 2an, esango dute hurrengo meza San Roke ermitan. 10:00etan hasiko da ospakizuna.