Harrera polita izan du 'Elgeta kantuan' ekimenak

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko urriaren 28a

Kantuan egin dute gaur txikiteoa Elgetan; 60 bat lagun ibili dira tabernaz taberna.

Lehenengo deialdia izateko jende kopuru polita gerturatu da Elgeta kantuan ekimenean parte hartzera. Entseguetan hamar bat lagun batu izan dira, baina gaurkoan 60 bat pertsona ibili dira kalez kale eta tabernaz taberna.

Helburua zen herrian giroa sortzea, eta proposamena domekako txikiteoa kantuan egitea. Jose Gardoki soinujoleak eta Beñat Leanizbarrutia panderojoleak lan ona egin dute giroa alaitzen. Musikarekin lagunduta, berezia izan da gaurko txikiteoa. Eguraldiak ere bat egin zuen ekimenarekin; atertu eta eguzki izpiek apur bat gehiago goxatu zuten giroa.

Antolatzaileak pozik

Jose Antonio Retolazaren gidaritzapean eta banatutako liburuxkak eskuan hartuta euskal kantu ugari abestu ditu taldeak. Herriko taberna guztiak bisitatu dituzte, eta bakoitzean pare bat kantu abestu dituzte.

Parte-hartze irekiko ekintza izan da, eta turismo zinegotzia den Patxi Basaurik balorazio positiboa egin du. "Oso pozik gaude jende asko gerturatu delako. Jarraipena emango diogula pentsatzen dut. Gabon aurretik-edo egin daiteke beste deialdi bat. Ikusi egin behar dugu barikuarekin edo domekarekin egin... Hori guztia baloratzeko dago", adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak