Zortzi lagun elkartu ziren atzo, eguaztena, 2013ko aurrekontuaren inguruan Udalak antolatutako batzar irekian; bost zinegotziak ziren, eta bi udal langileak. Herritar gutxi bertaratu arren, Oxel Erostarbe alkateak Udalaren egoeraren gaineko informazio ugari eman zuen.
Zorra 1.107.069 euro
"Elgetako Udalak 1.107.069 euroko zorra du", esan zuen Erostarbek. Hala, zor bizia %62,98 da. "Ez da zor txikia", esan zuen alkateak, "eta 2013an Udalak 207.091 euro amortizatu beharko ditu bai mailegutan bai Foru Funtseko itzulketa egiteko". Aurrekontuaren gastuetan, beraz, diru kopuru hori aurreikusi beharko da. "Irizpidea izango da mailegu gehiago ez eskatzea, gastua egongo diren diru-sarreretara egokitzea, eta zerga politika jasangarri bat bultzatzea", azaldu zuen. Oinarrizko zerbitzuei eta herriko elkarteen dirulaguntzei dagokienean irizpidea da mantentzea.
Ordenantza fiskalak %3 gora
Eraikuntzarekin eta jarduera ekonomikoarekin lotutako zergetatik Udalak aurten iaz baino diru gutxiago jasotzea aurreikusten du. Ordenantza fiskalei dagokienean, berriz, hasierako planteamendua da KPIa igotzea; %3, hain zuzen ere. Erabakitzeke dago, baina zaborren tasa gehiago igo daiteke:%3 eta %6,4 artean. Eta zergen kapitulu honetan bi berrikuntza aipatu zituen alkateak: inor erroldatuta ez dagoen etxebizitzei %150eko errekargua aplikatzea, eta IAE zerga urtean milioi bat eurotik gora fakturatzen duten enpresei ere aplikatzea. Elgetan hamar bat enpresa dira, eta neurriak 10.000 bat euro gehiago biltzea ekarriko luke.
Inbertsioetarako 60.000 euro
Erostarbek 2013rako 1.500.000 euroko aurrekontua aurreikusten du —iaz baino 400.000 euro gutxiago—, eta gastua kontrolatzeko gerrikoa gastu arruntean eta inbertsioetan estutzea proposatzen du. Hala, inbertsioetarako 60.000 euro geratuko lirake. Zazpi egitasmo aipatu zituen. Diruz lagundutakoak hiru dira: ibilbide tematikoaren proiektua, herri osorako wifi sarea ipintzea, eta Mendikute baserrirako bidea konpontzea. Eskaerak, berriz, eskolatik eta haurreskolatik jaso dituzte. San Roke osteko bidea konpontzeko eskaera ere egin du herritar batek.
Asteotan ari dira udal ordezkariak 2013ko aurrekontua lantzen. Atzoko batzarrean emandako informazioa gobernuko kideek mahai gainean dituzten estimazioak dira.