Elgetako hiru odol-emailek jasoko dute aurten intsignia

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko urriaren 15a

Manuel Sarasuak urrezko intsignia jasoko du, eta Jabier Leanizbarrutiak eta Iban Arantzabalek zilarrezkoa.

Gipuzkoako odol-emaileen elkarteak urriaren 28an, domeka, egingo du Debagoiena eta Debabarrena bailaretako ordezkariendako intsignia eta diploma banaketa.

Azken urteotan moduan, Elgetako Espaloia kafe antzokian egingo dute ekitaldia, eta aurten herriko hiru lagunek jasoko dute elkartearen errekonozimendua eta esker ona. Manuel Sarasuak urrezko intsignia jasoko du, 50 odol-ateratze egitera iritsi da-eta. Zilarrezko intsignia bana jasoko dute, bestalde, Jabier Leanizbarrutiak eta Iban Arantzabalek. Bi lagun horiek 25 odol-ateratze egin dituzte.

Egitaraua

Egitaraua aurreko urteetako bera izango da. 12:00etan Elgetako parrokian meza entzuteko aukera izango dute gura dutenek, eta intsignia eta diplomen banaketa ekitaldia 13:30ean egingo dute Espaloia kafe antzokian. Bazkaria ere bertan egingo dute, 14:30ean hasita.

Ekitaldia Antzuola, Bergara, Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku, Oñati eta Soraluzeko odol-emaileendako antolatu dute. Helburua da borondatez eta musu-truk egindako ekarpena errekonozitzea eta eskertzea. Bada, gonbidapenak lortzeko nork bere herriko ordezkaritzara jo behar du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak