Intxortatik Elgetara martxa frankismoaren zigorgabetasuna salatzeko

Txomin Madina Milikua 2012ko urriaren 3a

Bihar beteko dira 76 urte Elgetan zeuden miliziano eta gudariek Francoren tropa faxistak geratu zituztela, eta data horren harira Elgetako Udalak eta Frankismoaren Aurkako Kereilen Aldeko Euskal Plataformak deituta, Intxortako Atetik Elgetara martxa bat egingo dute domekan.

Tolerantziarik ez frankismoaren zigorgabetasunari izango da domekan Intxortatik Elgetara egingo duten martxaren leloa eta 12:00etan Intxortako Atean egingo den lore eskaintzaren ostean abiatuko da Elgetaruntz. Behin herrira heldutakoan, ekitaldia egingo dute trikitilari eta Xabier Amuriza bertsolariarekin. Bertan, hitza hartuko dute Frankismoaren Aurkako Kereilen Aldeko Euskal Plataformakoek.

Frankismoaren aurkako prozesua Argentinan

Plataforma honek Euskal Herriko hamasei memoria elkarte batzen ditu eta bertako bozeramaile Juan Ramon Garaik azaldu duenez justizia, egia, ordaina era horrelakorik ez errepikatzeko bermea eskatu gura dute. Garairen esanetan gaizki egindako trantsizio politikoan demokrazia sortu berriak frankismoaren aparatu judizial eta zapaltzaile guztia jaso zuen eta frankistei ez zitzaien erantzunkizunik eskatu. Gaineratu du baina, aukera erreala dagoela frankismoaren aurka eta oraindik bizirik dauden frankisten aurka sozialki, politikoki eta auzibidez jokatzeko.

Aukera hori Argentinako Errepublikan zabaldu dela ere esan du Juan Ramon Garaik, Maria Servini de Cubria epaileak aurrera daraman kereila baten bidez hain zuzen ere. Plataformako bozeramailearen esanetan, magistratu honek preskribitzen ez diren genozidioaren eta guzateriaren aurkako krimenei aurre egiteko justizia printzipio unibertsalean oinarrituta frankismoaren aurkako prozesu bat dauka abian. Prozesu honek 1936ko altxamendu militarretik 1977ra bitartekoak jasotzen ditu. Garairen hitzetan, kereila honi ehunka auzi jartzaile partikular ari zaizkio batzen, baita hainbat erakunde ere.

Epailea etorri bitartean, lanean

Plataformako  eta Goldatu elkarteko kide Josu Ibargutxi Argentinan izan zen Maria Servini de Cubría epailerarekin. Azaldu duenez, honek Euskal Herrira etorriko zela esan zion, eta bisita atzeratu egin den arren, Ibargutxik azaldu du bien bitartean Plataformak lanean diharduela frankismoaren eta haren ondorioak ezagutara emateko . Gaineratu du Argentinako  Punto Final izeneko legea bertan behera utzi zuten moduan, hemen ere berdina egitea eskatzen dutela Amnistiaren Legearekin, bere esanetan frankistak bakarrik amnisitiatu zirelako, eta gainerakoak, kartzelatik atera bakarrik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak