Hogei bat guraso elkartu ziren eguenean eskolako musika gelan Maala guraso elkartearen ikasturte hasierako batzarra egiteko. Aurreko akta onartu, 2012-2013 ikasturteko balantze ekonomikoa baieztatu, eta Eskola Kontseiluko kide berrien izendapenak egin zituzten.
Ikasturte honetan lau lagunek uzten dute Eskola Kontseilua, hala eskolako gurasoen artean bost kide berri aukeratu behar dira; lau titularrak eta bat ordezkoa. Hiru gurasok aurkeztu dute euren burua Eskola Kontseiluko kide izateko. Bi falta dira: laugarren titularra eta ordezko bat. Aukeraketa zozketaz egitea erabaki zuten egueneko batzarrean. Ikastetxeko guraso guztien—aitak zein amak— zerrenda osatuko da, eta zotz egingo da.
Guraso ordezkari berriak
Guraso elkarteko zuzendaritza berria ere aurkeztu zuten eguenean. Presidente kargua Iker Irazabalek hartu du, eta presidenteordea Iratxe Bravo da. Gainerako batzordekideak dira Ziortza Martin —idazkaria—, Mertxe Anasagasti eta Rakel Moral —diruzainak—, Iratxe Belar —ingeleseko arduraduna—, Sandra Agirre —elkartearen eta zentroaren arteko harremanak—, Mari Carmen Matilla, Lierni Mendizabal, eta Larraitz Zeberio.