Txutxu-mutxuei buruzko antzezlan umoretsua gaur gauean Espaloian

Usoa Agirre 2012ko irailaren 28a

Gorka Aginagalderen eta Iñigo Salinero 'Txaflas'-en 'Cotillas' antzezlana gaur, 22:30ean, Elgetan.

Cotillas du izena Gorka Aginagalderen eta Iñigo Salinero Txaflas-en antzezlanak. Duela bi urte estreinatu zuten lana Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, eta, harrezkero, Euskal Herriko eta kanpoko era guztietako antzokietan izan dira txutxu-mutxuekin barre algarak sorrarazten. Izan ere, mota guztietako publikoa sentituko da bertako kontuekin islatuta. Bi lagun barre algaraka igoko dira taula gainera, ahal dutenean gelditu eta orduan hasiko dira esamesak kontatzen. Egunerokotasuneko istorioak dira antzezlaneko ardatz, eta, horretarako, kaleko hizkeraz jantzi dute bi aktoreek gidoia. Berez dramatikoak diruditen zenbait egoerarekin barre algarak sortuko dituzte: sexuen arteko aldeak, neskak erosketetan, erosten duten mutilak, bikoteak, hirukoteak, lagunak, animaliak, historia, histeria, literatura, biblia... izango dituzte berbagai, besteak beste.

Sustrai antropologikoa

Antzezlanean txutxu-mutxuaren sustrai antropologikoaz ere jardungo dute, eta gizakiaren jatorrizko bulkada bezala definituko dute. Bi lagun ganberroren paperean sartuta, protagonistek aurrean duten edozein larrutuko dute; ez da inor libratuko esamesen atzaparretatik, kirol nazionala dena umorezko antzezlan bihurtuta. Hasieran borrero izango dira, baina, bukaerarako, euren esamesen biktima bihurtuko dira bi aktoreak.

Cotillas antzezlana 22:30ean taularatuko dute gaur, egubakoitza, Elgetako Espaloia kafe antzokian. Sarrerak Espaloiako bertako leihatilan erosi ahal izango dira 10 euroren truke; 8 euro ordaindu beharko dute bazkideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak