Harrera oso ona izan du Nerea Villak udaletxeko arkupean ipinitako argazki erakusketak. Herritar asko gerturatu da herriko 60tik gora baserriren argazkiak batzen zituen erakusketa ikustera. Askorendako, bereziki nagusiendako, polita izan da aspaldian ikusi bako baserriak argazkitan ikustea. Eta zer esanik ez nork bere baserria erakusketan ikustea!.
Baserrien argazkiak auzoka antolatuta aurkeztu ditu Villak. "Elgetan bederatzi auzo daude baserri desberdinez osatuak. Gehienak oraindik zutik daude, hala ere badira desagertuak edo desagertzeko zorian daudenak, gehienak Aixola eta Izuriaga auzoan (...). Erakusketa honen bidez oraindik mantentzen direnak ezagutzeko aukera ematen dizuet", azaltzen zuen egileak erakusketan ipinitako ohar batean. "Erakusketa ikusi ondoren anima zaitez, auzoetara joan eta baserri hauek bertatik bertara ezagutzera. Gure herriaren arkitektura historiko zaharrena bertan duzue", gaineratzen zuen.
Erakusketa, orain, Espaloia kafe antzokian egongo da ikusgai urriaren 7ra bitartean. Oraindik ikusi ez duenak edo berriz ikusi nahi duenak hortxe du aukera. Argazkien kopiak eskatzeko aukera ere badago.