Elgetako I. Txorimalo Lehiaketan bost taldek hartu dute parte aurten. Herriko plazaren erdian kokatu dituzte bost txorimaloak Turismo batzordeko kideek, eta goiz osoan zehar bertan egon dira ikusgai. Handiak eta txikiak, tradizionalak eta modernoagoak... esan beharra dago denon gusturako modukoak izan direla txorimaloak.
Azken erabakia, ordea, Maala guraso elkarteko bi ordezkarik hartu dute, eta eguerdi alderako epai argia eman dute. Politena Bitxorio taldeak aurkeztutakoa izan da —argazkian erdikoa—, eta 50 euroko saria eskuratu dute egileek.
Bigarren saria Txorimalia taldekoek —ezkerrean— eraman dute; 30 euro poltsikoratu dituzte. Hirugarren saria, berriz, Txorionak taldearendako —eskuman— izan da; 20 euroko saria jaso dituzte egileek.
Antolatzaileak gustura agertu dira Elgetako I. Txorimalo Lehiaketak emandakoarekin, eta itxaropentsu daude hurrengo urteetara begira. Lehiaketan parte hartzera gero eta talde gehiago animatuko direlakoan daude.