Pena hartu du Iñaki Egizabalek hiru segundugatik ez duela gainditu errekorra esan diotenean: "Errekorra hobetzeko esperantza barik hasi dut lasterketa. Intxortara igoeran berotu egin naiz eta uste baino denbora okerragoa egin dut; baina beherantz bizkor etorri naiz eta orain pena dut". 17 minutu eta 42 segundu behar izan ditu mendi buelta emateko (Intxortara iristeko, 12 minutu eta 25 segundu).
Bigarrena izan da Txema Cot 22 minutu eginda; hirugarrena, Iñaki Beristain 23 minutu eta 38 segundurekin; eta laugarrena, azken horren aita, Jesus Mari Beristain 25 minutu eta 33 segundurekin. Azkena bai, baina animoso sartu da besoak zabal-zabal eginda.
Baserritarren azokan 12 postu
Plazan, ostera, 12 postu jarri dituzte herriko baserritarrek eta garaiko produkturik ederrenak eskaini: tomateak, azelgak, babak, sagarrak… baita eztia eta Elgeta inguruan jasotako sendabelarrak ere. Horiekin batera izan dira umeen bi postu ere; batzuk, ikasketa bidairako dirua batzeko eta beste batzuk, Saharara bidaltzeko. Eguraldi bikaina lagun herritar asko elkartu da plaza inguruan.
Gainera, umeek bost txorimalo aurkeztu dituzte txorimalo lehiaketara.